2012-01-22

Kritikei erantzunez, gardentasunez

“Amparo, la que baila con el toro”-k bere blogean Muu herri-ekimenari buruz plazaratutako kritika bidegabeei erantzun nahi diegu. Gure lana publikoa eta gardena dela azpimarratzeaz gain, anonimotasunaren babesean luzaturiko gezurrak gezurtatu nahi ditugu. Honen aurrean garbi ditugun hainbat ideia edo arau argitu nahi ditugu:

1.- Muu herri-ekimena Zestoan zekorketak kentzea nahi dugun norbanakook osatzen dugu. Helburu honekin bat egiten duen herritar orori irekia da gure ekimena. Bertan parte hartu nahi duen edonork ateak zabalik ditu eta ongi etorria izango da. Horretarako, aurkezpen egunean adierazpenarekin bat zeudenei gure taldera batzea eskaini genien.

2.- Talde honetako pertsona bakoitzak bere burua ordezkatzen du. Bestelako egitura sozial, kultural, edo politikorik ordezkatu gabe.

3.- Talde honek ideia komun batzuk defendatzen ditu, gure adierazpenean agertzen direnak. Gainontzeko guztian, norbanako bakoitzak bere pentsaera eta jarrerak ditu bizitzaren aurrean. Muu-ko partaide ezberdinok herriko beste taldeetan izan ditzakegun harreman eta partaidetzak pertsonalak dira eta ez dute inolaz ere talde honetako lana baldintzatzen.

4.- Taldeko partaideok, Zestoan zezenketak kentzeko ekimen batzuk adostu ditugu.
- Komunikazio bide guztiak erabili nahi ditugu, zestoarron kontzientziatara iristeko.
- Komunikazio bide egokienak gertukoak direla uste dugu, beraz, norbanako bakoitzak bere inguruan pertsonalki egin dezakeen lana oso garrantzitsua da guretzat.

5.- Muu alderdikerien gainetik dago. Alderdi ezberdinen interesetatik at lan egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Sentsibilitate politiko jakin batekin lotura zuzena dugula salatzea gezurretan aritzea da, benetako eztabaida ekiditea eta maltzurkeriaz jokatzea. Zekorketez eta animalismoaz gaindiko gai politikoetan gure inpartzialtasuna mantenduko dugu.

6.- Gure ekintzen finantziaziorako erabili ditugun diru-iturriak ondorengoak izan dira:.
- Lehen donazioa Z.A.T. (Zezenketen Aurkako Taldea), 200 euro pasatxo.
- Laguntza-bonoak atera ditugu, eta taldekide bakoitzak bere inguruan aportazioa egin nahi dutenei saldu dizkie. Oraingoz 350 euro jaso ditugu. Oraindik gehiago jasotzeko asmoa dugu.
- Beste zenbait diru sarrera aztertzen ari gara.

7.- Herrian gure adierazpena zabaltzeko egin berri dugun “buzonada” horren kostua 205 eurotakoa izan da.

8.-Zezenketen inguruko eztabaida desbideratu, lainotu, zikindu eta politizatu nahi duen orori talde honekiko errespetua eskatzen diogu. Irainduak sentitzen gara. Ez gaude prest gure taldekideei inongo betorik onartzeko.

9.- Gure helburua bete artean lanean jarraitzeko asmoa dugu. Zezenketei buruzko herri galdeketan gure posizioa ahalik eta indartsuena izan dadin herritarrengana zuzendu nahi dugu. Hori bai, garbi jokatuz, herritarren artean ahalik eta zatiketa txikiena eragiteko ekimenak bideratuz eta herriko zezenketazaleek merezi duten begiruneaz arituz. Guk ere berdina eskatzen dugu trukean, besterik ez.

10. Hori bai, herritar guztioi jakinarazten dizuegu, ez dugula utziko Muu tresna politiko bezala erabiltzen, ez eta propaganda partidistarako tresna bezala ere. Zekorketez eta animalismoaz gaindiko gai politikoetan gure inpartzialtasuna mantenduko dugu. Inpartzialtasun hau mantentzen laguntzeko jarrera duten guztiak ongi etorriak dira, adierazpenarekin ados badaude edo, gutxienenez, odolik gabeko festen aldeko jarrera badute.  Minduak sentitzen gara “badakigu nor dauden honen atzean” entzutean. 

3 comentarios:

  1. Roca: Hutz dezagun gaizki ulertu hau alde batera eta hausnartu dezagun gure festetaz, gure festak hobetu eta guztion gustokoak izatera iritsi daitezen.
    Bakoitzak afinitate politikoez gain dituen kontzientzia eragozpen eta gustoen arabera.
    Eta herritar guztiei esan nahi diet: aldekoentzat zekorketak gustatzea arrazoi nahikoa den ezkero, kontrakoentzat ere hala da. Ez ditzagun izan ainbeste erreparo.
    Eta zekorketak kendu nahi ditugunok, herri honen zati handi bat gara, ideologia politikoetan transbersalki banatuta.

    ResponderEliminar
  2. Oso ondo hari zeate Muu-ko lagunok. Segi holaxe!!!

    ResponderEliminar
  3. Roca: Mikel Odriozola, eztabaida askorik ez dugu blog honetan baina bisitari guztiei mezu bat bidaltze garrantzitsua dela uste dut, Amparoren blog-ean anonimo batek idatzia: "Zezenketazaleek galdeketa bera eta Muu-ren ekimena beren aurkako erasotzat hartu dutenaren zantzu guztiak hartzen dizkiot. Zezenketak kuestionatzen dira ez zezenketazaleak, lerro hori ondo marraztea garrantzitsua da bestela blog honetan ikusten ari garen hainbat jarrera indartuko dira."
    Beraz, nire lagun, ezagun eta herrikide guztiei adierazi nahi diet nire helburua ez dela inori ezer kentzea, herriko festetan hobekuntza txiki bat egitea baizik. Tradizioak denboran egokitzen doaz.
    Animo herri honetan animaliekiko begirune mezua zabaltzen duzuen guztioi.

    ResponderEliminar