2012-01-22

Kritikei erantzunez, gardentasunez

“Amparo, la que baila con el toro”-k bere blogean Muu herri-ekimenari buruz plazaratutako kritika bidegabeei erantzun nahi diegu. Gure lana publikoa eta gardena dela azpimarratzeaz gain, anonimotasunaren babesean luzaturiko gezurrak gezurtatu nahi ditugu. Honen aurrean garbi ditugun hainbat ideia edo arau argitu nahi ditugu:

1.- Muu herri-ekimena Zestoan zekorketak kentzea nahi dugun norbanakook osatzen dugu. Helburu honekin bat egiten duen herritar orori irekia da gure ekimena. Bertan parte hartu nahi duen edonork ateak zabalik ditu eta ongi etorria izango da. Horretarako, aurkezpen egunean adierazpenarekin bat zeudenei gure taldera batzea eskaini genien.

2.- Talde honetako pertsona bakoitzak bere burua ordezkatzen du. Bestelako egitura sozial, kultural, edo politikorik ordezkatu gabe.

3.- Talde honek ideia komun batzuk defendatzen ditu, gure adierazpenean agertzen direnak. Gainontzeko guztian, norbanako bakoitzak bere pentsaera eta jarrerak ditu bizitzaren aurrean. Muu-ko partaide ezberdinok herriko beste taldeetan izan ditzakegun harreman eta partaidetzak pertsonalak dira eta ez dute inolaz ere talde honetako lana baldintzatzen.

4.- Taldeko partaideok, Zestoan zezenketak kentzeko ekimen batzuk adostu ditugu.
- Komunikazio bide guztiak erabili nahi ditugu, zestoarron kontzientziatara iristeko.
- Komunikazio bide egokienak gertukoak direla uste dugu, beraz, norbanako bakoitzak bere inguruan pertsonalki egin dezakeen lana oso garrantzitsua da guretzat.

5.- Muu alderdikerien gainetik dago. Alderdi ezberdinen interesetatik at lan egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Sentsibilitate politiko jakin batekin lotura zuzena dugula salatzea gezurretan aritzea da, benetako eztabaida ekiditea eta maltzurkeriaz jokatzea. Zekorketez eta animalismoaz gaindiko gai politikoetan gure inpartzialtasuna mantenduko dugu.

6.- Gure ekintzen finantziaziorako erabili ditugun diru-iturriak ondorengoak izan dira:.
- Lehen donazioa Z.A.T. (Zezenketen Aurkako Taldea), 200 euro pasatxo.
- Laguntza-bonoak atera ditugu, eta taldekide bakoitzak bere inguruan aportazioa egin nahi dutenei saldu dizkie. Oraingoz 350 euro jaso ditugu. Oraindik gehiago jasotzeko asmoa dugu.
- Beste zenbait diru sarrera aztertzen ari gara.

7.- Herrian gure adierazpena zabaltzeko egin berri dugun “buzonada” horren kostua 205 eurotakoa izan da.

8.-Zezenketen inguruko eztabaida desbideratu, lainotu, zikindu eta politizatu nahi duen orori talde honekiko errespetua eskatzen diogu. Irainduak sentitzen gara. Ez gaude prest gure taldekideei inongo betorik onartzeko.

9.- Gure helburua bete artean lanean jarraitzeko asmoa dugu. Zezenketei buruzko herri galdeketan gure posizioa ahalik eta indartsuena izan dadin herritarrengana zuzendu nahi dugu. Hori bai, garbi jokatuz, herritarren artean ahalik eta zatiketa txikiena eragiteko ekimenak bideratuz eta herriko zezenketazaleek merezi duten begiruneaz arituz. Guk ere berdina eskatzen dugu trukean, besterik ez.

10. Hori bai, herritar guztioi jakinarazten dizuegu, ez dugula utziko Muu tresna politiko bezala erabiltzen, ez eta propaganda partidistarako tresna bezala ere. Zekorketez eta animalismoaz gaindiko gai politikoetan gure inpartzialtasuna mantenduko dugu. Inpartzialtasun hau mantentzen laguntzeko jarrera duten guztiak ongi etorriak dira, adierazpenarekin ados badaude edo, gutxienenez, odolik gabeko festen aldeko jarrera badute.  Minduak sentitzen gara “badakigu nor dauden honen atzean” entzutean. 

2012-01-20

Atxikimendu bila

Aste honetan buzoneoa egin dugu Zestoan gure dekalogoarekin, jendeak, argi eta garbi izan dezan zein den Muu Herri Ekimenaren mezua eta aldarrikapena. Asteburu honetan zehar sinadura biltzen arituko gara herrian, goiz eta iluntze, puntu desberdinetan. 

Dekalogoan diogunarekin ados baldin bazaude, eta zekorketak kentzearen aldekoa baldin bazara, irten kalera eta eman zure sinadura! (ez ditugu sinadura ematen duten pertsonen izenak publikoki inon jarriko, erreferendumean zenbat izango garen jakitea da xedea.)
Auzoetan auzotarrek egingo dute sinadura bilketa, hurrengo astetik aurrera.

Zekorketarik gabeko festa ederrak egin ditzakegulako, odolik gabeko festen alde!

2012-01-02

Udalak zezenketen inguruko herri galdeketa egitea onartu du aho batez

Pasa den abenduaren 22ko ezohiko batzarrean onartu zenaren arabera, zezenketen inguruko herri galdeketa egingo da. Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta aho batez onartu zuten.

Mozioaren laburpena Diario Vasco eta Zertanao.info webguneek argitaratu zuten.


Abenduaren 26an, S/Zoro Peri egunean, ETB 1eko Arratsaldero saioan Zestoako zezenketen gaia atera zuten. Estekak bideora egiten du lotura, bertan, 2 ordu eta 30 minututik aurrera hasten dira zezenketen inguruan eztabaidatzen.
Circo del Sol-ekoek lortu dute animaliarik gabeko espektakulo itzel bat. Zestoarrok ere lortuko dugu!