Barrerek batu egiten gaituzte, zekorketek ez!
Azken urteetan, Zestoako zezenketekiko jarrera asko aldatzen ari da. Oraindik zaletasuna nabaritzen bada ere, kontrako jarrera indartzen ari da pixkanaka. Hori dela-eta, zezenketen etorkizunari buruzko hausnarketa abian jarri eta herri-galdeketa bat egitea proposatu da. Honen ondotik sortu da Muu-herri ekimena, odolik gabeko festen alde lan egiteko.
Horrela bada, herriko dozenaka lagun bildu gara eta denok partekatzeko moduko ideia nagusiak biltzen saiatu gara. Azkenean, ondorio hauetara iritsi gara:
- Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera “animaliei ezin zaizkie tratu txarrak eta krudelak eragin; animalia hil behar bada, bat-bateko heriotza, minik gabea eta estuasunik eragingo ez diona izango da”. Horrez gain, “animalien agerraldiak eta ikuskizunak, batez ere krudelki tratatuak baldin badira, animalien duintasunarekin elkartezinak dira”.
- Horrela bada, tortura eta hilketa, baitan edo oinarrian dituen ikuskizun oro errefusatzen dugu.
- Oro har, animaliei eragiten zaizkien beste hainbat tratu txar eta krudel gutxietsi gabe, gure helburu nagusia, tortura eta hilketa ikuskizun bihurtzen dituzten zekorketak kentzea da.
- Zekorketak Zestoako historian guztiz sustraiturik dauden ohitura eta usadioa dira; gainera, askok arte, kultura eta tradizio kontsideratzen ditu. Baina horrek, bere horretan, ez dio ezeri zilegitasunik ematen; hainbat arte, kultura eta tradizio krudel desagertu dira historian zehar eta, desagertu beharko lukete aurrerantzean ere. Gainera, ikuskizun krudel eta sadiko baten inguruan alai eta festa-giroan egoteak balore kaxkarrak transmititzen dizkio gizarteari eta, bereziki umeei.
- Zekorketek desagertuta egon beharko lukete Zestoan. Lehen azaldu diren arrazoiengatik eta, gizarteak orokorrean eta Zestoako udalak espresuki, animaliei onartu dizkien eskubideetan oinarrituta. Esate baterako, 1996ko irailaren 17an, Zestoako Udal Gobernu Batzordeak Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuen.
- Zestoan barrerek pizten duten sentimendu positibo sustraitua aintzat hartzen dugu eta barrerak ikuskizun odoltsutik banatzearen alde gaude. Gainera, barrerak ez dira soilik zekorketetarako erabiltzen gaur egun ere.
- Era berean, askoren ustez, Zestoan ez dago festarik zezenketarik gabe. Ikuskizun horrek ematen dio berezitasuna, nonbait, herriko festei. Beste ikuskizun asko antolatu ohi dira gure herrian, zezenketak bezain bereziak eta arrakastatsuak, eta herriko jaietan ezinbestekoak direnak: dantzariak, txistulariak, herriko banda, musika kontzertuak, pilota partidak, herri kirolak, paella lehiaketa eta jolasak...
- Dena den, korriden aurka egon arren, Zestoako festak berezi egiten dituen giroa gustoko dugu, baina hori festak zezenketekin odoleztatu gabe lortu daitekeela uste dugu.
- Festetan herriko plazaren erabilera anitza bermatu behar da eta hori ezinezkoa suertatzen de zekorketen antolaketari ematen zaion lehentasun trataerarekin (arratsaldeko ordurik onenak, egun seinalatuak…).
- Azkenik, askok hala pentsatzen ez badu ere, Zestoako jaietan bikain pasatzeko, zekorketen ordez beste aukera franko daudela uste dugu; herritar denon zeregina izan beharko du ohiko partehartze bideak erabiliz (festa batzordea, kuadrila arteko bilerak…) alternatiba egokiak eta denon gustukoak bilatzea.