2012-03-30

Muu Festa gaztetxean

Muu Herri Ekimenak antolatuta, bi taldek kontzertua emango dute gaur gauean Zestoako gaztetxean.


Gaztetxeko kontzertuen kartela

Mondocane talde azpeitiarra eta Buffalo talde zarauztarra igoko dira oholtza gainera. Kontzertuak gaztetxean izango dira, 22.30etatik aurrera.

Odolik gabeko festak posible direlako, animatu eta parte hartu!


2012-03-26

Bizikleta martxa II

Larunbatean, martxoak 24, bizikleta-martxa egin zen odolik gabeko festen alde

Arratsaldeko lauretan Zestoako plazatik irtenda, Iraetatik pasaran, futbol zelaian buelta eman genuen, partidu bat jokatzen ari baitziren bertan. 
Iraetatik Arroagora jarraitu genuen, eta bertan egin genuen lehen geldialditxoa (aldapa gogorra da hura, eguzki galgatan egiteko). 

Egonalditxoa egin, eta arnasa berreskuratu bezain laster, Arroaberainoko bidea egin genuen, eguraldia lagun.

Arroabera iritsita, zain geneuzkan sagar, laranja eta ur boteilak, merienda-paxara egin eta indarrak berreskuratzeko. 
Ondoren, klarionak hartu eta Arroabeko plazan gure zezentxoa eta lema marraztu genituen.
Arratsaldeko sei t'erdiak aldera atera ginen Arroabetik, Zestoaruntz bueltan, eta zortzietarako hemen geunden. Bide guztia "odolik gabe, askoz hobe" lema abestuz egin genuen, furgonetan zihoan speakerak animoak ematen zizkigun bitartean.
Arratsalde pasa polita izan zen!

2012-03-19

Bizikleta martxa

Datorren larunbaterako, martxoak 24, bizikleta martxa antolatu du Muu Herri Ekimenak. Ikuskizun odoltsuekin amaitzeko urrats bat izan nahi du ekitaldiak; haur, heldu, gazte... guztien neurrirako plana da, familia giroan egiteko modukoa.

Arratsaldeko 16.00tan abiatuko gara Zestoako plazatik, musikaz lagundurik. Iraetatik pasa, Arroagora igo, eta Arroa Errekatik pasatuz Arroabera joango gara. Arroabean egonalditxoa egin, eta Zestoaruntz itzuliko gara.

OHARRA:
umeentzat, nekatzen direnentzat, izerdirik bota nahi ez dutenentzat... FURGONETAK EGONGO DIRA aldapak gainditzeko.

2012-03-06

Puntu batzuk argituz

Landutako gaien inguruko zenbait puntu sakontzeko beharra ikusi dugu, eta hemendik aurrera tarteka puntu batzuk sakonduta argitaratuko ditugu blogean. Gaurkoan lehen puntua:

Barrerei buruz

MUU herri-ekimena ez da barreren alde egiteko mugimendu bat, ezta kontra egitekoa ere. Hasieratik garbi utzi nahi izan duguna da barreren eztabaidak ez duela zerikusirik zekorketen eztabaidarekin. Nolanahi ere, garbi dago barrerak gure ondare historikoaren atal garrantzitsua direla. Bestalde, argi dago barrerek zerbitzu bat ematen dutela zekorketarik ez dagoenean ere, harmaila moduan funtzionatzen dute herriko beste hainbat ikuskizunetan. Hori horrela da gaur egun eta horrela izan da historian zehar ere. Eztabaidatu daitekeena da garestiak izan daitezkeela, segurtasun aldetik akatsak dituztela, harmaila prefabrikatu batzuk, agian, merkeagoak liratekeela... Baina hori guztia horrela izan da orain arte ere. Merkeagoa eta seguruagoa izango litzateke, agian, zekorketak metalezko barrera prefabrikatu batzuetan egitea ere. Dena den, barrera horiek sentimendu berezi bat sortzen dute Zestoan eta horregatik mantentzen dira. Beraz, logikoena iruditzen zaigu zekorketekin barrera horiek jartzearen alde dagoena zekorketarik gabe ere hala egotea. Ez dugu onartuko esatea “zekorketak kenduta barrerak kenduko dira eta, barrerak kenduta festak ez dute xarmarik”. Oso irakurketa interesatua da hori. Barrerekin egingo dena herriak erabakiko du, orain arte erabaki duen bezala eta, haien etorkizuna ez dago zekorketa-zaleen kasketa baten eskuetan.

Norbait barrerak kentzearen alde badago saiatu dadila talde bat edo mugimendu bat sortzen, ea jendeak jarraitzen dion. MUU ez zen horretarako sortu.

2012-03-01

Zekorketen inguruko eztabaida Euskadi Irratian

Zekorketen inguruan egingo den herri-galdeketa dela eta, Euskadi Irratiko Mezularia saioak heldu zion gaiari otsailaren 28an. Leire Etxeberria alkateak hitz egin zuen aurrena, eta ondoren Aitor Gonzalez Zestoako Zezenzale Elkarteko kideak, eta Mikel Odriozola Muu Herri Ekimeneko kideak talde bakoitzaren jarrera eta ildoa argitzeko aukera izan zuten. EITB Nahieran orrialdean dago entzun gai, egin klik lotura honetan: