2012-04-24

Zekorketen inguruko eskaera-jasotze prozesuaren nondik norakoak

Zekorketei buruzko eskaera-jasotze prozesua abian jartzeko asmoz, atzo bilera zabal bat egin zen Kultur Etxean, udalak deituta. Bertan, udalak eratu duen batzordeak orain arte hartutako erabakien berri eman zuten udaleko ordezkariek, eta galdera eta iritziak emateko aukera ere egon zen. Hainbat punturen inguruko argibideak eman ziren. Hemen zerrendatuko ditugu, herritarrentzat interesgarriak direlakoan:
  • 18 urtetik gora izan eta Zestoan erroldatuta daudenek parte hartu ahal izango dute deialdian.
  • Boto eskubidea dutenen %33ak hartu beharko du parte, emaitza loteslea izan dadin. Boto baten aldea nahikoa izango da baietzak edo ezetzak irabazteko.
  • Ekainaren 3a izango da eskaerak jasotzeko eguna, eta goizeko 9:00etatik iluntzeko 20:00ak arte egongo dira mahaiak zabalik (Zestoan bi mahai, Arroabean, Arroagoian, Aizarnan eta Iraetan). Eskaera postaz egiteko aukera ere izango da, eta horretarako prozedura zehaztuta dago.
  • Eskaerak:
Zestoan zekorketak ez antolatzea 
*Udalak ez du parte hartuko zekorketen antolakuntzan, ez du plaza utziko horretarako eta ez die babes legalik emango.

Zestoan zekorketak antolatzea 
*Udalak plazako azpiegiturak jarriko dizkio eta babes legala emango dio zekorketak antolatzen dituen taldeari.

Zekorketa hitzaren esanahia: Zezena edo zekorrari, banderillak sartzen zaizkion eta ezpatarekin hiltzen den ikuskizuna.


Ofizialki, datorren ostegunean, hilaren 26an, jarriko da prozesua martxan, egun horretan izango den osoko bilkuran onartuko baitute. Batzarra 20.00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan. Nahi dutenei, bertaratzeko deia luzatzen diegu.


2012-04-22

Nobilladei buruzko eskaera-jasotzea abian jartzeko bilera zabala‏

Udaletxeko galdeketa edo kontsulta arautzeko bilerak bukatu dira. Bildu, EAJ eta Muu-ren parte hartzearekin akordio batera iritsi gara galdera, data eta prozeduraren inguruan (zezenketazaleak bilera guztietara gonbidatuak izan dira, baina lehenengora bakarrik etorri dira. Akta guztien berri izan dute, baina ez dute inolako iritzirik azaldu gai hauen inguruan).

Udaletxeak bilera zabal baterako deialdia egin du apirilaren 22rako (bihar, astelehena), arratsaldeko 20.00etan, Kultur Etxean. Iritzia azaldu nahi duten herritar guztiei irekia da, eta bertan akordio hauek eztabaidatu eta berrikusteko aukera izango da. Ondoren osteguneko plenoan definitiboki onartuko da udalaren gehiengoak hala nahi badu.

Bilera zabal honetara joateko deia luzatzen dizuegu joan nahi duzuen guztioi, erabakien nondik norakoak jakin eta iritzia azaltzeko.

2012-04-01

Zezenketazaleek, lehen bileraren ondoren, eztabaida mahaia utzi dute

Herritarrak, zezenketen inguruko galdeketaren aurrean garrantzia duen gertakari zehatz batez ohartarazi nahi ditugu. Jarrera honek errealitatea nahastu ez dezan eta etorkizunekoak ahalik eta gutxien baldintzatu ditzan.

Martxoaren hasera aldera udalak zezenketak antolatzen dituztenei zein Muu herri ekimeneko kideei dei egin zigun bilera batzuen bitartez galdeketaren nondik norakoak ezartzeko. Lehenengo bileran zenbait puntu ezarri ziren, hurrengo asterako alde bakoitzak bere iritzia eraman zezan, hala nola: gutxieneko parte-hartzea, galdera zein izango den, data, baiezkoaren eta ezezkoaren esanahiak… Baina zezenketazaleek egun apur batzuetara jakinarazi zuten ez zirela gehiago bileretara joango, galdeketa arautzeko mahaia zezenketen aldeko ordezkaritzarik gabe utziaz. Eztabaidak hasi baino lehen erabaki hori hartzeak nahiko harrituta utzi gaitu.

Guztion hausnarketak partekatu eta herritarrei eskatu beharreko iritzia ahalik eta modu zabalenean adostea aberasgarria delakoan gaude. Beraz, ulertezina egiten zaigu honelako jarrera agertzea.

Guk bileretan parte hartzen jarraituko dugu eta behar diren konpromisoak hartuko ditugu gauzak ondobidean eta gardentasunez joan daitezen. Dena den, Zestoan zezenketen alde daudenei dei eginaz amaitu nahi dugu. Gure ustez, galdeketa antolatzerakoan interesgarria da alde guztiak bertan ordezkatuta egotea.