2012-06-01

Erabaki ala inposatu?

Herriko festetan zekorketak egin edo ez egin erabakitzeko momentu hauetan zezenzaleak beldurraren diskurtso bat garatzen hasi dira.

Sorrarazi nahi diguten lehen beldurra: “nor zara zu guri zekorketak kentzeko?”. Zestoako zekorketak guztion ondare dira, eta gure herriko festetan ordurik onenak eta lekurik onenak bete dituzte gaur arte. Nork eskatu du hau? Nork inposatu du?
Ikusle kopuruaren pisua jarri digute mahai gainean, baina ikus ditzagun sarrerako datuak: 1980an 700 ikusletik gora ziren, eta suposatzen dugu beste batzuk egongo zirela beste zerbait egotearen alde. Gaur egun 400 ikusle pasatxo izaten dira, beraz ikusleen zati handi batek erabaki du ez duela joan nahi. Eta oraindik ere zekorketak ikustera joaten direnek bakarrik erabaki behar al dute? Oraindik ez da momentua, eta noiz? 4 ikusle daudenean, 4 hauei galdetuz gero ez da momentua izango.
Beraz ez sentitu inposatzaile, beraiek dioten bezala, herriak nahi badu ez da inposaketa. Eta ez badu nahi, erabaki demokratiko bat da, eta joko demokratiko orotan bezala, gehiengoaren nahia jarriko da gutxiengoaren nahiaren gainetik. Hori inposaketa da? Ez dugu uste.

Bestalde, gai etikoen inguruan, nahiz bestelako gaien inguruan, ardura politikoa duten herritarrek, herriaren ordezkari direnek, zilegitasuna dute arau etikoak nahiz bestelakoak inposatzeko guztion elkarbizitza hobetzeko. Erabaki politikoa da haurdunaldi bat moztu nahi duen emakumearen eskubidea lehenetsi, edo sortu berri den gizakiaren bizitza eskubidea lehenetsi erabakitzea. Edo nahi gabeko haurdunaldia moztea diru publikoz lagundu edo ez. Arau etikoak egiteko ardura izateaz gain, politikoek festak antolatzeko ardura ere badute, beraz, zilegia, koherentea, eta beharrezkoa litzateke udalak sinatutako legeak inposatzea. Hala nola “Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala”.

Inposaketaz hitz eginaz, aipatu nahi genuke, zezenketazaleak egiten ari diren xantaia  ere. Beraiek herriko giroa ez gaiztotzearen alde daudela diotenean, argi dago zekorketak egitea utziz gero erabaki honen alde gaudenak ez dugula liskarrik sortuko. Are gehiago esango genuke, Muu Herri Ekimena ekintza guztietan herritar guztiak errespetuz tratatzen saiatu da. Ez dugu hitz zakarrik, irainik edo deskalifikaziorik egin. Horregatik harro gaude gure ekintzez. Eta beti jarraituko dugu gure lagunen ondoan, nahiz eta zekorketak gustuko izan askok, eta oraindik ez ulertu ez egitearen zergatia. Errespetuzko erantzun bera espero dugu bueltan.

Ez erori beldurraren mehatxuan, guztiok maite ditugu festak, egin ditzagun guztiontzat festak!!


Mikel Odriozola Larrañaga

2 comentarios:

  1. bai arrazoi osoa duk eta herriak erabaki dik bai erabaki ere!!

    ResponderEliminar
  2. Espero dut aurreko astean kontrakoa esaten zuen horietakoa ez zarela izango (ez ziren bat eta bi hori pentsatzen, edo behintzat esaten zutenak eta)

    ResponderEliminar