2012-05-11

Muuuuu



Ikus dezakezue zestoarren sormena, jende berritzailez betetako herri honek duen gaitasunaren erakusle. Zezenketen kultura sadiko eta zaharra berritzeko dagoen beharraren adibide. Eskerrik asko gaztiak, kantu bikaina, alaitasunez betea, guk nahi ditugun festak bezala.

Kanta hau ere gure mezuaren mezulari izan dadila aste hauetan, eta ilusiozko oroitzapenen gordeleku etorkizunean.


Maiatzaren 9ko prentsaurrekoan azaldu bezala, 1+1=2 kanpainaren helburu argi bat dauka, zekorketen kontrako eskaerak lortzen jarraitzea. Badakigu benetan gertuko jendeak guztiongan duen eragina. Horregatik, gure adierazpena sinatu, edo zekorketak egitearekin ados ez zaudeten guztion inplikazioa nahi dugu. Zure inguruan, konfidantzan eta giro lasaian, zure ikuspuntua azaltzea erabakigarria dela uste dugulako.

Beraz zuetako sinatzaile bakoitzari, sinatu ez duen pertsona baten eskaera lortzeko erronka proposatzen dizuegu. Horrela, sinatzaile bakoitzeko bi eskaera izango dira.

Inplikazioa zabalduz, aurpegiak erakutsiz, bakoitza bere etxean, bere kuadrilan. Borondate onez eta ilusioz egin dezagun lan. Ahalik eta zestoar gehienak aldaketa nahi izatea, eta aldaketa ulertzea lortu behar dugu. Mugarik gabe, zenbat eta kontzientziazio handiagoa, hobe. Beraz, hasi ingurukoekin hizketan, informazioa trukatzen, pentsatzen, bide honetatik etorriko baita kontzientziazioa. Gu saiatuko gara ideia berriak zabaltzen eta eztabaidarako argudioak ipintzen. Baina ikuspuntu berriek ere osatu ditzatela gure hitzak, zenbat buru hainbat aburu, eta guztiak osagarri.

Festen etorkizunaz kezkatuta daudenak entzun eta ulertu; normala da kezka, baina aukerarik uzten badu, erakutsi zure ikuspuntua. Aldatzeak beti sortzen du kezka. Baina, ziur gaude, hemen giroa eta anbiente ona pertsonok jartzen dugula.

Bukatzeko, gure konbentzimendua, gure ustea, gure pentsamendua, gure ondorioak zabaldu ondoren, iritsi dadila galdeketa eta herriak erabaki dezala. Eskatu ez torturatzeko, eskatu ez sufriarazteko, zentzuzko eskaera da! Ilusioz beteta, eskatu!  

3 comentarios:

  1. Aupa zuek!
    Tope zaudete eh! Poza ematen du zuen sormen eta rollo positiboak. Korriden aldeko blog horretan herritarrekin modu kaxkarrean sartzen ari diren bitartean zuek errespetuz eta gizalegez lanean.
    Galdeketan ez dakit zer gertatuko den baina niretzat zuek zarete irabazleak, asko ari zarete demostratzen.
    Aupa eta animo!
    Zezenketarik gabe askoz hobe!

    ResponderEliminar
  2. Hara ba!

    Herritarrekin modu kaxkarrean sartu??

    Gauza bakoitzari bere izenez deitzeko ordua badela uste dut.
    Zuri agian etzaizu eleganteena irudituko, jendearen trapu zikinak agerian ustea. Niri ere ez. Baina behin baino gehiagotan ikusi ditut zuen mezu animalistaren atzean, beraien kontzientzien beharrak asetzen.
    Aprobetxatzen.
    Eta aizu, garbi esango dizut. Niri bost ajola dit "Muu"-n hauek egotea, edota aitasantua egotea.
    Baina jendearen zenbait jarrera ikusteak, eta besteek, horren aurrean, olatua besterik ez dutela egiten ikusteak, atentzioa deitzen dit. Inozoa aurpegira deituko balidate bezala da. Eta zuek nahi duzuena izango naiz baina, inozoa behintzat ez.
    Herri honetan nola funtzionatzen dugun aspaldian ikasita daukat.
    Hori salatzea ez dela elegantea? Ados.
    Baina zuk nik bezain ondo dakizu, tamalez, horrelakoak ere badirela leku guztietan. Eta Zestoan bereziki.

    Nagore Telleriak ere ikusi ditu, dirudienez. Bi bagara behintzat.

    Bestalde, kantua ez dut musikalki baloratuko, eta hitzak ere ez. Gustuak oso subjektiboak dira, eta gustatu ala ez, bakoitzaren gustuen arabera doa.
    Beraz, kantuaren inguruan epaia botatzea etzait ondo iruditzen.

    Baina argitu behar dizuet, niri bost ajola didan arren, Amparitoren doinuen gainean emateak zeuen mezua, batzuei ez diela graziarik egin.
    Berriro diot, niri ez dit batere inporta horrek.
    Baina badira, jakin ahal izan dudanaren arabera, Amparitoren erabilerak grazia handirik egin ez diotenak.
    Amparitoren monopolioa ez daukagu taurinook, beraz, nigatik nahi duzuena egin dezakezue.
    Baina zenbait pertsonek izan duten erreakzioak, aitortu beharra daukat grazia egin didala. Haserretu egin dira, aizu.

    Baina esandakoa. Nigatik, toreroz jantzita kalera irteten bazarete ere, bost ajola.

    ResponderEliminar
  3. Dakidala, amparitoren erabilera nagusia amparitoren izena beretzat hartu duenak egiten du. Abesti bat da, abestiak erabilpen eta sentimendu ezberdinak sortzen ditu, denona da eta ez da inorena, beraz jabetza kontuak hobe ez aipatzea.

    Xextratik elikatzea, yo-yo bat bezala jardutea, behin eta berriro herritarren artean harremanak gaiztotzeko giroa sortzea eta horrelako tontakeriez gogaituta nago, benetan.

    Zezenketen eztabaida beste parametro batzuetara eman nahi izateak heldutasun gutxi erakusten du, bakoitzak jakingo du kontu honetan nola eta zergatik jokatu nahi duen.

    Herriko festetan, plazan urtero 4 zezen torturatu eta akabatzea ontzat ematen ez ditugulako epai pertsonalizatuak egiten dabiltzanak dabiltzala.

    Odolik gabeko festak irabaztera goaz!
    Muuxuak.

    ResponderEliminar